Blog honi buruz

Ongi etorri Bazein Behin proiektuaren gunera!

Martxan jarri berri dugun proiektu honen bidez ipuin bakar batetik ipuin desberdin asko sortzeko aukera izango dugu. Helburua ezaguna duten ipuin batetik abiatuz bertsio desberdinak sortzea izango da, azken hori bideo batean jasoz.

Elkarlan proiektu bat da, beraz, zenbait ikastetxe elkarlanean arituko dira proiektua aurrera eramateko (kasu honetan, momentuz bi daude). Haur Hezkuntzako bigarren zikloko hirugarren mailako haurrentzat pentsatutako proiektua da, 5 urteko geletako ikasleentzat, hain zuzen.

Ikasturtean zehar 2 ipuin klasiko (edo haurrek ezagunak dituztenak) adostuko dira. Hortik abiatuz, ikasleek ipuin hori berridatziko dute baina kasu honetan, ipuina idatzi gabe. Nola egingo da orduan? Oso erraza! Sortu duten ipuin berriaren narrazioa ahoz grabatuko dute eta horri lagunduko dioten marrazkiak egingo dituzte, guztia bideo batean jasoz.

Prozesu horretan ipuina bera eta bere estruktura landuko da, bai eta hizkuntzaren ahozkotasuna ere. Era berean, haurrek tresna teknologiko desberdinak maneiatzen ikasiko dute eta haien sormena eta irudimena garatzen jarraituko dute.

Modu honetan, eskola desberdinetako ikasle talde desberdinek egindako lanak konpartituko ditugu eta ipuin bakar batetik sortutako bertsio diferenteez gozatzeko aukera izango dugu. Izan ere, nork esan zuen Txanogorritxo bakarra zegoenik munduan?

Ekin lanari eta eman sormenari behar duen tokia!



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina